2.3. Norberaren autonomiaren sustapenerako eta mendetasuneko egoeran dauden pertsonenganako arretarako eskubidearen titulartasuna. EAEn izandako aplikazioari buruzko erreferentziak
Eskubide horren titulartasuna legean xedatutako betekizunak betetzeagatik mendekotzat jo direnei dagokie[15]. AMALeko 5. artikuluak eskubidearen titularra izateko bete beharreko betekizunak xedatzen ditu, funtsean bi:
1. Ezarritako mailaren batean mendetasuneko egoeran egotea.
Mendetasunagatiko babeserako eskubidearen titularra, edonola ere, era iraunkorrean haren eraginpean dagoena da, hots, adinetik, gaizotasunetik edo ezgaitasunetik datozen arrazoiengatik, gorputz, adimen edo zentzumen autonomiaren gabezia edo galerari lotuta, beste pertsona baten edo batzuen arreta edo eguneroko bizitzako oinarrizko jarduerak egiteko laguntza handiak edo, adimen ezgaitasuna edo gaitz mentala duten pertsonei dagokienez, norberaren autonomiarako bestelako laguntzak behar dituena (AMALeko 2.2 artikulua).
Mendetasuneko egoera horren onarpena apirilaren 20ko 504/2007 Errege Dekretuaren bidez onartutako balorazio baremoa aplikatu ondoren lortzen da[16.
2. Espainiar lurraldean bizitzea eta bost urtez bizi izana; haietatik bik eskabidea aurkezteko egunaren aurre-aurrekoak izan behar dute. Bost urtez azpiko adingabekoentzat bizitzeko epea haren zaintza egiten duenari eskatuko zaio.
AMALek "espainiar" hitza aipatu arren, ulertu behar da haien parean geratzen direla Europar Batasuneko Estatu kideetako nazionalak, Europako Erkidegoko Itunaren[17] Europar Erkidegoko Estatu kideetako eta Europar Esparru Ekonomikoari buruzko Ituna osatzen duten beste Estatuetako herritarrak Espainian sartu, aske ibili eta bizitzeari buruzko otsailaren 16ko 240/2007 Errege Dekretuaren arabera, Estatu kideetako herritarrak izanda, langileak askatasunez ibiltzeari dagokionez araubide iragankorra dagokienak izan ezik[18].
Erkidegotik kanpoko atzerritarrei dagokienez, AMALek Espainian atzerritarren dituzten eskubide eta askatasunei eta haien gizarteratzeari buruzko urtarrilaren 11ko 4/2000 Lege Organikoan (ELO), nazioarteko itunetan eta jatorrizko herriarekin ezarritako hitzarmenetan xedatutakora bidaltzen gaitu. Bidalketa horrek zailtasun bat dakar, Lege Organiko horrek ez baitu pertsona horiek eragiten dieten mendetasuneko egoeretan babestuak izateko duten eskubidea berariaz aipatzen; aitzitik, gutxi gorabehera hurbilak diren eskubideak, hala nola lanerako, Gizarte Segurantzarako, osasun laguntzarako edo gizarte zerbitzuetarako eskubideak aipatzen ditu han edo hemen. Eskubide horiek aitortzeko, eskatutako administrazio egoera ez da beti berbera[19].
Hala ere, ELOk administrazio egoera erregularrean dauden pertsonei oinarrizko eta berariazko gizarte zerbitzu eta prestazioetarako eskubidea onartzen dienez gero, argia ematen du mendetasuna babesteko zerbitzu eta prestazioak ere eskuratu ahalko dituztela.
Administrazio egoera irregularrean dauden pertsonei dagokienez, ELOk oinarrizko gizarte zerbitzu eta prestazioetarako eskubidea baino ez die onartzen eta, beraz, erabaki beharko da mendetasunek prestazioak oinarrizkoak direnentz. AMASeko zerbitzu eta prestazioak pixkanaka gizarte zerbitzuekiko autonomiaz antolatzen badira, ez da erraza izango oinarrizko edo berariazko kategorietara birbideratzea, AMALek ez baititu batzuen eta besteen artean bereizten[20].
Euskal Autonomia Erkidegoko esparruan, Gizarte Zerbitzuen abenduaren 5eko 12/2008 Legeak xedatzen duenez, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren zerbitzu eta prestazioetarako titularrak dira Euskal Herriko Autonomia Erkidegoko edozein udalerritan erroldatuta egon eta legezko eta benetako bizilekua duten pertsonak, eta sistema horretan sartzeko eskabidearen aurre-aurreko 12 hilabeteetan jarraian Euskal Herriko Autonomia Erkidegoko edozein udaletan erroldatuta egon eta benetan bizi izana frogatzen dutenak, haien administrazio egoera erregularra ez bada ere.
Foru aldundiek AMALi emandako lege garapenak ere ez du kontua argitu. Haiek mendetasuneko egoera onartzeko prozedura arautzeko onartutako araudiak eta prestazio ekonomiko berriei buruzkoak, orokorrean, AMALek ezarritako ELOra jotzeko adierazpena jasotzen dute.
Bizkaian, mendetasuneko egoera onartzeko prozedura arautzen duen abenduaren 1eko 162/2009 Foru Dekretuko 4. artikuluak, bidalketa hori hitzez hitz jasotzeaz gain, xedatzen du bizilekuak legezkoa izan beharko duela. Eskakizun horri dagokionez, praktika, bat datoz Gipuzkoa eta Arabako aldundiak ere.
Zentzu berean, Arabako eta Bizkaiko Foru Aldundiek, prestazio ekonomikoei buruzko araudietan, zehazten dute laguntza horiek eskuratu nahi dituenari eskatutako bizilekuak legezkoa izan beharko duela.
Espainiar nazionaltasunik ez duten adingabekoei dagokienez, AMALek manuak, bai Estatu bai autonomia esparruan, indarrean dauden Adingabearen Legeetara eta nazioarteko itunetara bidaltzen gaitu.
Nazio Batuen haurraren eskubideei buruzko 1989ko hitzarmenak, Adingabearen Babes Juridikoari buruzko urtarrilaren 15eko 1/1996 Lege Organikoak eta Haurrak eta Nerabeak Zaintzeko eta Babesteko Eusko Legebiltzarraren otsailaren 18ko 3/2005 Legeak jatorriagatik baztertzeko debekua xedatzen dute. Gainera, hiru testuetan adierazten da adingabeari eragiten dioten erabaki guztiak haren interes gorenaren printzipioan oinarritu beharko direla, eta eskubide hura nagusitu beharko zaio harekin batera egon litekeen zilegizko beste edozein interesi.
Bestalde, aipatu Lege Organikoak, Espainian dauden atzerritar adingabeei –zein ere den haien legezko egoera, eta arrisku egoeran edo Administrazioaren zaintzapean badaude–, hezkuntza, osasun laguntza eta gainerako zerbitzu publikoetarako eskubidea aitortzen die; adierazpen zabal horrek erraz biltzen du mendetasuneko egoeraren aurreko babesa[21].
Horiengatik guztiengatik ondorioztatzen dugu Espainian bizi eta mendetasuneko egoeran dagoen atzerritar adingabeak mendetasuneko egoera onartzeko eta onarpen horretatik eratorritako prestazioak eta zerbitzuak eskuratzeko eska dezakeela.
Premisa hori gauzatzeko, maiz, gainditzeko zailak diren oztopoak agertzen dira. Adibidez, familia inguruneko zaintzarako prestazio ekonomikoa jasotzeko derrigorrezkoa da zaintzailea –kasu ia guztietan atzerritarra izango dena– Gizarte Segurantzan dagokion araubidean afiliatuta egotea, eta horretarako, lehenago, lan egiteko administrazio baimena behar da.
Bestalde, haurrari, edo bestela haren zaintza duenari, legezko bost urteko bizilekua frogatzeko eskatzeak, arriskuan jar lezake Hitzarmeneko bigarren artikuluak, Lege Organikoko lehenengoak eta Eusko Legebiltzarraren Legeko bosgarrenak sustatutako berdintasun printzipioa.
AMALek berariazko xedapena dauka mendetasuneko egoeran frogatutako 3 urtez azpiko guztientzat (atzerritarrak zein ez): hezkuntza eta osasun arloetan ezarritako zerbitzuak kaltetu gabe, Autonomiarako eta Mendetasunari Arreta emateko Sistemak "etxean bertako laguntza premiei eta erantzungo die eta, hala balegokio, haiei lotutako eta familia ingurunean zaintzeko prestazio ekonomikoak [emango ditu]" (hirugarren xedapen gehigarria).
Aurreproiektuan 3 urtez azpiko haurrak legearen aplikazio eremutik kanpo geratu ziren, batez ere hiru urtez azpiko orok daukan autonomiarik ezagatik eta aldi berean mendetasuneko egoera hori iraunkorra ez izateagatik.
Mendekotasuneko errealitateak ukitzen dituen kolektiboek eta zenbait txostenek (Ekonomia eta Gizarte Batzordearen Irizpeneko boto partikularrak eta Estatu Kontseiluaren irizpenak) argi erakutsi zuten ez zeudela ados neurri horrekin.
Haiek ere sartzea gomendatzen zuen argudio nagusia honakoa zen: gaizotasun, istripu edo ezgaitasunagatik edo goiztiarrak izateagatik, adingabe batzuek adin horri dagozkion gaitasunak ez edukitzeak eragindako zaintza eta arreta bereziak behar zituzten[22].
Ikusi dugunez, azkenean haiek sartzea erabaki zen, baina hamahirugarren xedapen gehigarrian adierazitako babes bereziko araubidean.
Azkenik, AMALeko 5. artikuluak aukera ematen du Gobernuak Espainian bizi ez diren espainolen aldeko babes neurriak ezartzeko eta, Autonomiarako eta Mendetasunari Arreta emateko Sistemaren Lurralde Kontseiluak onartu ondoren, Mendetasunarentzako Arreta Sisteman itzulitako espainiar emigranteak sartzeko baldintzak ezartzeko. Txostena ixteko datan ez du horri buruzko erabakirik hartu.
[15] LAFUENTE BENACHES, María Mercedes. El reconocimiento de la situación de dependencia por silencio administrativo. Revista general de derecho administrativo 24, 2010.
[16] Txosten hau itxi ondoren, Norberaren Autonomia Sustatu eta mendetasuneko egoeran dauden pertsonei arreta emateko abenduaren 14ko 39/2006 Legeak xedatutako mendetasuneko egoera baloratzeko baremoa onartzen duen otsailaren 11ko 174/2011 Errege Dekretua onartu da, baina ez da indarrean sartuko 2012ko otsailaren 18a arte.
[17] CHARRO BAENA, Pilar, Comentario sistemático de la Ley de la dependencia: Ley 39/2006, de 14 de diciembre, de promoción de la autonomía personal y atención a las personas en situación de dependencia y normas autonómicas. Zizur Txiki: Aranzadi, 2008. Aranzadi bilduma monografikoak. Lan-zuzenbidea.
[18] ROQUETA BUJ, Remedios et al. La protección de la dependencia: comentarios a la Ley 39/2006, de 14 de diciembre, de promoción de la autonomía personal y atención a las personas en situación de dependencia. Valentzia: Tirant lo Blanch, 2007. Erreformak.
[19] CAVAS MARTÍNEZ, Faustino eta SEMPERE NAVARRO, Antonio V. Ley de dependencia: estudio de la Ley 39/2006, de 14 diciembre, sobre promoción de la autonomía personal y atención a las personas en situación de dependencia. Zizur Txiki: Aranzadi, 2007.
[20] ROQUETA BUJ, Remedios et al. La protección de la dependencia: comentarios a la Ley 39/2006, de 14 de diciembre, de promoción de la autonomía personal y atención a las personas en situación de dependencia. Valentzia: Tirant lo Blanch, 2007. Erreformak.
[21] MONTOYA MELGAR, Alfredo et al. La protección de las personas dependientes: comentario a la Ley 39/2006, de promoción de la autonomía personal y atención a las personas en situación de dependencia. Zizur Txiki: Civitas, 2007.
[22] SEMPERE NAVARRO, Antonio V. et al. Comentario sistemático de la Ley de la dependencia: Ley 39/2006, de 14 de diciembre, de promoción de la autonomía personal y atención a las personas en situación de dependencia y normas autonómicas. Zizur Txiki: Aranzadi, 2008. Aranzadi bilduma monografikoak. Lan-zuzenbidea.